Berriak

2019.03.29

LH4ko ikasleek Donostiara egin dute irteera aste honetan. San Telmo Museoko Arte Ederretako bildumaren bitartez, koloreen munduan murgildu dira, koloreekin jolastuz eta esperimentatuz. Zenbat kolore daude? Zergatik ikusten ditugu koloreak? Hainbat galderei erantzuna bilatzen saiatu dira. Eta aparteko eguraldia lagun, arratsaldea hondartzan eraman zuten udaberriari merezi duen ongi-etorria emanez. KLIKATU HEMEN ARGAZKI GUZTIAK IKUSTEKO

2019.03.29

Zubimusu Ikastolako zuzendaritzak Ikastolen Elkarteak antolatu dituen 26. Jardunaldi Pedagogikoetan hartu du gaur parte. “Hezkuntzan elkarERAGITEN” lelopean, eskola arrakastaren kudeaketa izan dute hizpide Stéphane Côté adituaren eskutik. Gelaren kudeaketa auto-sortzailea pedagogia 3.0n eta dinamika praktikoak jorratu ditu irakasle eta ikerlari quebectarrak.

2019.03.29

Dakizuen bezala, KMK20 antolatzea Zubimusu Ikastolari dagokio. Aspalditik genbiltzan Kilometroak jaia Amasa-Villabona-Zizurkilera ekarri nahian eta lortu dugu. Orain, zubimusutarroi gauzak ondo eta txukun egiten badakigula erakusten hasteko ordua iritsi zaigu eta guztiok elkarrekin lan egiten badugu, arrakastatsua izango da 44. jaia. Prest zaudete?

2019.03.28

Herritik mugitu gabe jatorrizko ingeles hiztunekin udan ingelesa ikasteko aukera paregabea eskaintzen du Enjoy English programak eta aurreko urteetan bezala, Zubimusu Ikastolak, Ikastolen Elkartearekin bat eginez, ingelesa praktikatzeko aukera eman nahi die ikastolako eta herriko ume guztiei. Horregatik „Enjoy English“ programaren inguruko bilera informatiboa antolatu du. Apirilaren 1ean izango da 17:30ean, Txermingo eraikineko jangelan.

2019.03.25

Irakurtzearen plazera bere egiten duenak, benetan biziko ez dituen bizitzetan murgiltzeko aukera du. Eta bizitza irreal horietan barneratzea ere bizitzea da. Horixe da Irakurlagun proiektuaren xede nagusia. Irakurzaletasuna sustatzea, dituen onurez  jabetuz.

2019.03.21

Ikastolen Elkarteak antolatuta, Zubimusu Ikastolan robotika tailerrak eskainiko dira Pazko astean LH5 eta LH6ko ikasleentzat. Saioak apirilaren 23tik 26ra izango dira, goizeko 9:00etatik 13:00era. Robotika ikastaldiaren helburuak dira ondo pasatzeaz gain, besteak beste, pentsaera konputazionala lantzea eta programazio eta robotikaren mundua ezagutzea, teknologia berrien bidez sormena landuz.

2019.03.21

Amets bat. Horixe da umeentzat Realeko jokalariak aurrez aurre ikustea. LH5eko neska-mutilek izan dute pagotxa. Lau jokalari ezagutzeko aukera izan dute, baita jolas ezberdinetan parte hartzekoa ere. Zubietako instalakuntzak ezagutu, eguraldia lagun, Donostiako Alderdi Ederren bazkaldu eta eguna borobiltzeko, Aquariumera bisita, urpeko mundua ezagutzera. Gustura denak!

2019.03.08

Errigorak udaberriaren atarian egiten duen olio eta kontserben kanpaina iritsi zaigu jada.  Nafarroa hegoaldeko euskalgintza, ikastolak eta bertako nekazariak babesteko Errigorak egiten duen kanpaina, alegia. Martxoaren 22ra arte, Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-loteak eskatzeko aukera duzue.

Orriak