Sahararako janari eta material bilketa martxan

Zubimusu Ikastolak urtero legez, Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatu ohi duen janari eta material bilketan hartuko du parte.

Janaria eta materiala ikasgeletan jasoko da Zizurkilen eta Txermin urtarrilak 31 arte. Zentroan, berriz, idazkaritzan.

Zer da jasoko dena?

Lekaleak, hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, olioa, konpresak, haur eta helduentzat pixaohialak eta eskolako materiala.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak azaltzen duen moduan, 43 urte igaro dira saharar herria ezohizko egoera batean bizitzera behartu zuela. Hiru eremutan bizi dira. “180.000 lagun Tindoufen, Argelian, kokatzen diren errefuxiatu kanpamentuetan bizitzera behartuak izan ziren. Bertako baldintzak oso gogorrak dira: udan 60 gradutik gorako tenperatura dute, elikadura eta ur eskasia. Kanpoko laguntzaz bizi dira”.

Beste milaka lagun Marokok ilegalki okupatua duen lurzatian bizirau dira, bertako egoera politikoa bortitza delarik eta “bizi baldintza duinak izatea ezinezkoa delarik. Nomadak aldiz lurralde  askatuan bizi dira, harresian dauden minak oso presente dituztela”.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak hiru guneei laguntzen die urtero elkartasun bilketa abiatuz. Helburua da otsail erdialdean Saharara bidalketa egitea.