Zubimusuko emakumezko irakasleak biharko greba feministara batuko dira

Asko direlako arrazoiak eta berdintasunean ezer ez egitea, atzera egitea delako, Zubimusu Ikastolako emakumezko irakasleak greba feministarekin bat egingo dute bihar. Beraz, gizonezko irakasleei egokituko zaie egin beharrekoei aurre egitea.

Desberdintasuna agerian uzten duten adibideak nonahi aurki daitezke; soldatetan, aginte karguetan eta abar luze batean.

Emakume jaiotzeagatik pairatzen diren diskriminazio guztiak errotik moztu eta berdintasun erreala eta eraginkorra aldarrikatzen du Zubimusu Ikastolak.

Gaur aldarrikapen hori lau haizetara zabaldu dute ikasleek. Marrazki, ipuin eta abesti bidez, M8aren bueltan hausnarketa egin dute ikasgeletan. Emakumea eta lanbideak jorratuz, abestiak eta ipuinak aztertuz eta horma-irudiak eginez...

Halaber, Udalak antolatuta, Santiago Egoitzaren aurreko zuhaitzak ehundu dituzte ikasleek, sinbolikoki eskubideen berdintasunarekiko eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa erakutsiz.

Biharkoa ere hausnarketa eta aldarrikapen eguna izango da Zubimusu Ikastolan. Emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasuna landuko dute ikasleek eta  gaiarekin lotuta, leloak eta emakume ospetsuen argazkiak zintzilikatuko dituzte.