Ostirala da “Enjoy English” programan izena emateko azken eguna

Ostirala, maiatzak 3, da Enjoy English programan izena emateko azken eguna. Herritik mugitu gabe jatorrizko ingeles hiztunekin udan ingelesa ikasteko aukera paregabea eskaintzen du Enjoy English programak eta aurreko urteetan bezala, Zubimusu Ikastolak, Ikastolen Elkartearekin bat eginez, ingelesa praktikatzeko aukera eman nahi die ikastolako eta herriko ume guztiei. 

Aurten programa berrituarekin dator, gainera. Enjoy English 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako eskaintza da.

Aurten “Enjoy English” saioak ekainaren 24tik uztailaren 19ra izango dira goizeko 9:30etik 13:30era. Haurrek aukera izango dute bi, hiru edo lau astez parte hartzeko. 

“Enjoy English” programak garrantzia berezia ematen die kanpo ekintzei eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntza eskaintzeari. Ingelesez komunikazio gaitasuna lantzea, neska-mutilek ingelesa egoera errealetan erabiltzea eta zeharkako konpetentziak lantzea dira helburu nagusiak.