“Sare sozialak onak dira, ondo erabiltzen badira”

“Sare sozialak onak dira, ondo erabiltzen badira” mezuaz jabetze aldera, Zubimusu Ikastolako LH6ko ikasleek ikastaro bat egin dute azken bi hilabeteotan eta ekimena borobiltzeko, Ikastolen Etxera egin dute bisita Bergarako Aranzadi Ikastolako ikasleekin batera. #IzanDig egitasmoaren baitan, sare sozialak arduraz eta segurtasunez erabiltzearen garrantzia jorratu dute neska-mutilek.

Ikastolen Elkarteak ikastolen digitalizazio planaren barruan Segurtasun Digitala esparruari erantzun asmoz martxan jarritako egitasmoa da #IzanDig. Aurten lau ikastolek hartu dute parte esperimentazio gisa, Zubimusu Ikastolak, besteak beste.

Pribatutasuna, baimenik gabeko argazkiak, sareetako ezezagunak, like edo atsegite botoien erabilpena, errealitatearen eta sare sozialetan agertzen denaren arteko desberdintasuna… gai ugari jorratu dituzte. Atzoko topagunean ikasleek ikasgelan egindako lanak aurkeztu zituzten.

Mezua barneratzea lortu da: “Sare sozialak onak dira, ondo erabiltzen badira”