Elkartasun Ikastolak 840.000 euro banatuko ditu hamar ikastolaren artean

Ikastolek berezko duten identitateren zeinuetako bat da elkartasuna, eta horren adibide da Elkartasun Kutxa. Proiektu horren barruan, Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusiak 840.000 euroko laguntzak banatuko ditu 2020.urtean hamar ikastolaren artean. Zubimusu ikastola ere Elkartasun Ikastolen elkarteko kidea da. 

Elkartasun Ikastolen markoan kokatzen da Elkartasun Kutxa egitasmoa. Ikastola bakoitzak dituen ikasle kopuruaren arabera urtero egindako ekarpenetik elikatzen da Elkartasun Kutxa, eta urtero banatzen da diru hori premia handiena duten ikastolen artean, ekarpen edo mailegu gisa. Azken urteotan, urtero 800.000 euro inguru banatu dira.

Bere xede nagusia ikastolen bideragarritasuna bermatzea izanik, Elkartasun Kutxak helburu zehatz hauek ditu:

  • Ikastola berriak sortzen laguntzea.
  • Dagoeneko sortuta dauden ikastoletan, aktibitate estrategiko berriak abian jarri eta garatzen laguntzea.
  • Inbertsio estrategiko berriei aurre egiten laguntzea.
  • Tokian tokiko ikastola eta eremuetan, Ikastola Taldearentzat estrategikoak diren lerro berriak sortzen laguntzea. 

Taldearen laguntza behar duten ikastolentzat ikasturte amaieran irekitzen da eskaera egiteko deialdia, eta hurrengoaren hasierara bitartean jasotzen dira eskariok. 

Batzorde Tekniko batek aztertzen ditu Elkartasun Kutxaren laguntza behar duten ikastolen eskariak. Talde hau Ikastolen Elkarteko eta ikastoletako adituek osatzen dute. Hauek txosten bat egiten dute, eta Balorazio Batzordera igortzen. Balorazio Batzordea Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluko eta zuzendaritzako kideez osatuta dago, eta txostena aztertu eta Artezkaritza Kontseilura eramaten dute behin-behineko proposamena. Artezkaritza Kontseiluak txostena aztertu eta oniritzia eman ostean, Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusian bozkatuko dira urte horretako proposamenak.

Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusiak 2020ko laguntzak ikastola hauei ematea ebatzi du.

  • Lekorneko Baigura, Basusarriko Biez Bat, eta Angeluko Kimua ikastolei eta Kanboko Ikastolen Etxeari 
  • Tuterako Argia eta Lodosako Ibaialde ikastolei
  • Bastidako Bastida eta Argantzungo Argantzon ikastolei 
  • Bilboko Abusu eta Harrobia ikastolei

Elkartasun horri esker, aurrera aterako dituzte euren proiektuak, eta orain jaso dutena biderkatuta itzuliko dute ikastola hauek, beren proiektu eraldatzailearen bitartez heziko dituztelako ikasleak, euskaratik eta euskaraz.