LH 3ko ebaluazio froga

Ikastolen Elkartearen aburuz, behar-beharrezkoa da Lehen Hezkuntzaren erdi aldera ebaluazio diagnostiko bat egitea, baina beti ere orain arte egindako parametroetan, hau da, helburua ikastetxeek eta hezkuntza sistemak ikasleriaren eta ikastetxearen beraren egoera eta aurrerapenak ebaluatzeko tresna izan dezaten, eta, emaitzetan oinarrituta, ikastetxe bakoitzean hobekuntza programak adostu eta martxan jartzeko aukera izan dezaten, beren ikasleriaren beharretara egokituz.

Aurtengo ikasturtean, ISEIk jadanik egin du ebaluazio diagnostikoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 4. Mailan. 2009az geroztik egiten den froga bat da berau, eta, lehenago adierazi dugun moduan, azken urteetan ikastetxe bakoitzari bere aurrerapenak ezagutzeko aukera eman dio. Ikastetxe bakoitzeko hezkuntza komunitatearen oniritzia izan du, gainera.

Ez da halakorik gertatzen 30 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 3. Mailako geletan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egin asmo duen ebaluazio froga pilotuarekin.

Testuinguru honetan, ez gaitu harritu hainbat eskola komunitatetako sektoreak egitasmo horren aurka agertu izanak, egitasmo hori LOMCEren aplikazioaren garapena baita. Lege horrek -dena kontrolatu eta zentralizatzeko duen irrikarekin, ikastetxeen rankingak ere egin nahi dituelarik- diagnostikora zuzendutako ezein ebaluazio planteamendu urardotzen du, eta baieztatu besterik ez du egiten eremu honetan ere lege horren logikatik ahalik eta gehien urrundu behar dugula eta geure hezkuntza sistema propiorantz eta hezkuntza lege berri baterantz pauso sendoak eman behar ditugula.

Gaur egun froga hau egiteko dagoen arrazoi bakarra da LOMCEn aurreikusita dagoela. Hezkuntza Sailak uste badu Espainiako Gobernuak diseinatutako ebaluazio planteamenduak bere eskumenen zapalketa suposatzen duela, ebatzi beharko luke Lehen Hezkuntzako 4. mailan egin den frogaren bitartez eskuratu direla LHko zikloaren erdi aldera ebaluazio diagnostikoa egiterakoan lortu nahi ziren helburuak.

Horren harira, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu bere eginkizunetan lehentasuna eman diezaiela Marko Pedagogiko berria aplikatzen hasteko beharrezkoak diren curriculum propioaren garapenari eta baliabide didaktikoen osaketari; eta, era berean, euskal hezkuntza sistema arautuko duen Legearen inguruko eztabaidari ekiteko eskatzen diogu, euskal hezkuntza eragile gehienen onespena baitu.

Halaber, Jaurlaritzari eskatzen diogu bere hezkuntza komunitatearen aurrean azaldu ditzala ebaluazio diagnostiko hori egitearen beharra -nahiz eta froga pilotua izan- eta haren onurak, eta bereziki hitz eman dezala ebaluazioaren emaitzak ikastetxeen hobekuntzarako eta ikasleriaren hezkuntza hobekuntzarako erabiliko direla soilik. Testuinguru horretan, beren autonomia erabiliz froga ez egitea erabaki dezaketen ikastetxeen erabakia aintzat hartzea eskatzen diogu Jaurlaritzari, eta uste dugu erabaki horrek ikastetxe horiei ez liekeela ondoriorik eragin behar.

Gure ustez, ebaluazioaren eremu honetan ere eztabaida beharrezkoa da, lortu nahi dugun hezkuntza sistemaren definizioan funtsezko elementua delako. Munduko hezkuntza sistema guztien definizioan erantzuna ematen zaio auzi honi. Beraz, ebaluazio diagnostikoa Lehen Hezkuntzako 3. mailan egitea LOMCEk ezartzen duen inposizioa izan eta beronen Errege Dekretuetan azaltzen den eran ebaluazioa egiteari uko egiteko arrazoi sendoak izatetik harago, uste dugu, gure hezkuntza sistemarentzako nolako ebaluazio mota nahi ez dugun identifikatzeaz gain, beharrezkoa dela nahi dugun edo egoki deritzogun sistema definitzea; eta kontziente izan behar dugu agian kontu honetan ere ez dela guztion adostasuna izango. Horregatik aipatu dugu eztabaida beharrezkoa izango dela.

 

 

Ikastolen Etxean, 2015eko maiatzaren 7an

 

 

 

IKASTOLEN ELKARTEKO ARTEZKARITZA BATZORDEA

Koldo Tellitu Mejia

Ikastolen Elkarteko lehendakaria