Pello Mari Otaño beka Aiztondoren zirtotsari

Pello Mari Otaño bekak badu proiektu sariduna: Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak aurkeztu duen Aitzondoren zirtotsari proiektua. Aiztondo bailaran izan den zirto tradizioa bildu eta ikertuko dute, eta haren aplikazioa proposatuko dute, Aiztondoko ikastetxeetan landu dadin.

Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa izeneko lanak lortu du Pello Mari Otaño beka. Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak sinatu du proposamena; zehazki, Beñat Iguaran Amondarain, Haritz Mujika Lasa, Imanol Artola Arretxe, Mikel Artola Izagirre, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Mendizabal Jauregi kideek.

Ikerlan proposamenak bete-betean egiten du bat bekaren helburuarekin. “Aiztondon zirtoak ahozko genero gisa izan duen tradizioa biltzea eta bere baitan esanguratsua izango den bilduma egitea” du helburu, eta “honela, orain arte sakabanatua eta itzalean agertu izan den genero honen balioa aldarrikatzen da, eta bere baitan ikergai esanguratsua izan daitekeela aitortu”. Bilduma egite hutsarekin aski ez eta ahozko ohitura horren transmisioak kezkatuta dituenez, ondare hori ikasleek ezagutu eta balia dezaten aplikazio bat ere proposatuko dute, hezkuntza arautuan zein bertso-eskolatan landu dadin.

Oso balorazio ona

3.000 euroko ordainsaria eskuratu du ikertzaile taldeak lana urtebeteko epean garatzeko. Udan Aiztondoko zirto tradizioa arakatzeko eta biltzeko lana egingo dute. Ondoren, zirtoa ikastetxetan ezagutzeko eta lantzeko proposamen didaktikoa diseinatuko dute; eta, segidan, proposamen didaktikoaren aplikazioa egingo da bailarako bertso-eskoletan. Guztia dokumentatuko da.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Kilometroek egin genuen deialdia, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin. Deialdiaren helburua Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) ahozko ondarearen bilketa, ikerketa eta haren dibulgazioa ziren. Hala, antolatzaileok proiektu saridunaren oso balorazio ona egiten dugu: Aiztondoko ondarea biltzeaz eta ikertzeaz gainera, egungo ahozko sormen eta komunikazio beharrak hezkuntzan lantzeko balioko du, proiektuak proposatzen duen aplikazio didaktikoaren bidez. Ikertzaileak ez ezik irakasleak izatea ere baloratu zen, eta baita ikertzaile bakarra izan beharrean, taldea izatea ere.

Udazkenean proiektua gehiago ezagutzeko abagunea izango dugu.