Eskola Agenda 21

«Denon artean herria zainduz gero, planeta ere zaintzen ari gara»

Eskola Agenda 21, eskola komunitateak ingurugiroaren kalitatearen eta iraunkortasunaren alde lan egiteko duen metodologia da, bai ikastetxe mailan eta baita herri mailan ere. Ikasleei beren ingurumen hurbilaren arazoa aztertu eta ulertzea ahalbideratzen die eta hiritar gisa bidezkoagoa eta ekologikoki jasangarriagoa izango den gizarte baten alde aritzeko prestatzen ditu.

Eskola Agenda 21en helburua da “gizakiaren-gizartearen-ingurumenaren” arteko harremanak hobetu eta bizi-kalitatearen eta ingurumen-kalitatearen arteko oreka dinamikoa sortu edo eusteko bakarka edo taldean esku hartu nahi duten hiritar aditu eta arduratsuak lortzea.

Eskolako Agenda 21ak hiru alderdi lantzen ditu:

  • Hezkuntza zentruko ingurugiroaren iraunkortasuna.
  • Berrikuntza kurrikulurra.
  • Herri mailako partehartzea.

Nola antolatzen da Eskolako Agenda 21a?

  • Udalak Tokiko Agenda 21en bitartez dei egin zigun ikastetxeei, beren udalerriko ingurumen-kudeaketan parte hartzeko. (Zizurkilen 2006-07 ikasturtean eta Villabonan 2007-08an)
  • Gure ikastolak Tokiko Agenda 21ean parte hartzea onartu zuen eta iraunkortasunaren helburuekiko koherentea izango den Eskolako Agenda 21 garatzea erabaki zuen.
  •  Ikastetxeko Ingurumen Batzordea antolatu zen eta koordinatzaile bat izendatu zen.
  • Gure Ikastolako zuzendaria, zenbait ikasle, irakasle eta guraso ere, udaletxean elkartu ziren ESKOLA-AGENDA 21 BETETZEKO KONPROMISO-AKTA hitzarmena sinatzeko. Horrekin batera zenbait konpromiso hartu zituzten. (Akta hau, Zentro eta Zizurkilgo eraikinean zintzilikaturik dago).
  • Tolosaldeko ikastetxeetako koordinatzaileek (hilero elkartuz) ikasturtean zehar landuko den gaia erabakitzen dute eta lan-proposamenak egiten dituzte.
  • Proiektu hau aurrera eramateko, ikastetxeek, Ingurugela-CEIDA eta Tolosaldeko Ingurumen Zentroko enpresaren aholkularitza izaten dute. Plan bat zehazten da arazoa, dagozkion adierazleak eta ekintza-ildoa zehazteko.
  • Aztertutako arazoari erantzungo dioten kudeaketa-neurriak, curriculum-jarduerak eta komunitatean parte hartzeko jarduerak programatzen dira.
  • Ikasleek herria eta ingurunea nola dagoen aztertzen dute, beraien ekarpenak eginez. Horrela jabetu ahal izaten dira zein egoeratan dagoen herria, hobeto zaindu ahal izateko.
  • Herriko ikastetxeetako ikasleen parte-hartze Foroan, datuak eta prozesua aztertzen dira, ondorioak ateratzen dira eta hobekuntzak eta alternatibak proposatzen dira.
  • Ingurumenari buruzko urteko memoria idazten da, Udal Foroan aurkezten da eta Udalbatzan aztertzen da.
  • Eskolako Agenda 21, ebaluatu eta eguneratu ondoren, Curriculum Proiektuetan sartzen da.

Agenda 21 prozesuan parte hartzen hasi ginenetik ingurumen gai bat landu dugu urtero. Orain arte, landu diren gaiak hondakinak, ekitatea, ura, elikagaiak, biodibertsitatea, energia, mugikortasuna, kontsumoa, ura II eta klima aldaketa  izan dira. Aurten lurzorua lantzen ari garelarik.