“Enjoy English”: Udan jatorrizko ingeles hiztunekin ingelesa ikasteko aukera herritik atera gabe

Mihian eta bihotzean euskara eraman arren, hizkuntzak ikasteak duen garrantzia ukaezina da. “Enjoy English” proiektuak aukera paregabea eskaintzen du udan, eta herritik atera gabe, jatorrizko ingeles hiztunekin hizkuntza ikasi eta praktikatzeko aisiari eta dibertsioari uko egin gabe.

Zubimusu Ikastolak urteak daramatza ikastolako eta 5 eta 12 urte bitarteko herriko umeei aukera eskaintzen. Aurten, ordea, berrikuntzekin dator egitaraua berritu baitute arduradunek. Horren harira, informazio bilera irekia egingo da datorren astean. Aurkezpena martxoaren 14an, asteazkenean, izango da arratsaldeko 18:00etan,Txermingo eraikinean. Beraz, interesa duen oro gonbidatuta dago bilerara.

Aurten “Enjoy English” saioak ekainaren 25etik uztailaren 20ra izango dira goizeko 9:30etik 13:30era. Haurrek aukera izango dute bi, hiru edo lau astez parte hartzeko.

Bi talde osatuko dira, 5-7 eta 8-12 urte bitartekoak. Gainera, aurreratu dutenez, kanpo ekintzak pisu handia hartuko dute egitarauan. Ikastolen marko pedagogikoaren baitan landutako proiektu honen helburuak dira ingelesezko komunikaziorako gaitasuna lantzea, ingelesa egoera errealetan erabiltzea eta zeharkako konpetentziak garatzea, hau da, elkarbizitza, talde-lana eta hausnarketa.

Matrikula data

Izen-ematea zabalik dago jada eta apirilaren 26ra arte luzatuko da. Informazio gehiago Zubimusu Ikastolan (zubimusu@ikastola.eus – 943 69 23 21).