Zubimusu Ikastolak antolatuko du 2020ko Kilometroak jaia

2020ko Kilometroak Jaia antolatzearen ardura Zubimusu Ikastolak izango du. Ikastolako arduradunek pasa den larunbateko Milimetroak festa eguna aukeratu zuten berria zabaltzeko. Txalo, algara eta salto artean jaso zuten zubimusutarrek albistea. Datorren urriaren 7an Urretxu eta Zumarragan ospatuko da Kilometroak, ondoren Zarautzen eta bi urte barru, Villabona eta Zizurkil izango dira eszenatoki.

Zubimusu Ikastolak, beraz, MILIMETROTATIK KILOMETROTARA egingo du jauzi, antolakuntzan buru-belarri murgilduz. Larunbateko jaia, eta formatu txikian, ekimen aproposa izan zen proba gisa. Edonola ere, Kilometroak jaiak 2020an aldaketa nabarmenak izango dituela aurreratu dute jada. Helburua da jai eredua aldatu eta gaur egungo gizartera egokitzea. Kilometroak bidea deituriko hausnarketa prozesua garatu ostean, erabaki dute, besteak beste, urte osoan zehar hainbat jaialdi txiki ere sartzea Kilometroak ekimenaren baitan eta beste ikastola batzuk arduratuz antolatzeaz.

Helduko da xehetasuna ixten joateko ordua. Zubimusu Ikastola oso pozik dago 2020ra begira datorkionarekin. Ez da arrazoi bakarra. Larunbateko Milimetroak festa izugarri ondo joan da, jendeak erruz gozatu zuen eta Zizurkilen muntatutako Haurren Hiriak sekulako ikusmina piztu zuen. Hemendik aurrera Zizurkilgo Zubimusu Ikastolako umeek gozatuko dute parkeaz jolastokian jarriko baita.

Zubimusu Ikastolak Milimetroak jaia arrakastatsua izaten lagundu duten guztiei  bere esker ona adierazi nahi die, ikasle, irakasle, guraso eta bestelako eragile edota elkarteetako kideei.