Skip to main content

Euskara eta euskalduntasuna ardatz

Haur Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntza amaiera bitarte lantzen dugu eleaniztasuna ikastolan. Egungo gizarteak eskatzen duen goi mailako hizkuntz konpetentziari erantzuteko, eleaniztasun egitasmo uztartua eta orekatua garatzen dugu ikastolan.

Euskararekiko eta euskal kulturarekiko konpromiso horretan, hizkuntza desberdinak ezagutu eta erabiltzeko gaitasuna garatzearekin batera, euskaraz bizi diren eta biziko diren haur eta gazte euskaldunak heztea bada gure asmo nagusienetarikoa eta helburu horrekin, adin guztietarako askotariko ekintzak antolatzen ditugu ikasturtean zehar. Lan honetan, Ikasleen Euskara Taldearen bidez, ikasle zaharrenen inplikazioa bultzatzen dugu.

Baina, ikastolako eremutik kanpo, euskararen erabilera esparru guztietara zabalduko bada, gure herrietako eragile desberdinekin elkarlana beharrezkoa da eta horren alde egiten dugu foro desberdinetan parte hartuz.

baratza

Iraunkortasunean heziz

Jasangarritasunaren aldeko jarrerak txikitatik landuz, gure ingurumena zaintzeko konpromisoa dugu ikastolan. 2030 agenda jarraituz, hiru eremutan egiten dugu lanketa.

  1. Gure ikasleak Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo udalerrien garapen iraunkorrean inplikatzen dira.
  2. Curriculuma aberastuz eta naturarekin lotura zuzena bultzatuz, hainbat ekintza burutzen dira.
  3. Ikastola bera eguneroko funtzionamenduan gero eta jasangarriago izateko erabakiak eta praktikak martxan jarriz.
kiva programa

Elkarrekin, jazarpena geldiarazi dezagun

Heziketak gizarte guztiaren parte hartzea eskatzen du, ikastolako komunitate osoa inplikatuz jazarpenarekiko sentikorrago egiten baikara guztiok. Honi esker, detekzio azkarra burutu eta kasuak eragozten laguntzen du.

Jazarpenari aurre egin nahian, gure ikastola 2016 urtetik KIVA ikastola da. Hiru elementu nagusi ditu ardatz: aurrea hartzea, esku hartzea eta jarraipena egitea.

martxoak 8

Desberdintasunetik berdin

Anitzak gara. Guztiok gara desberdin. Aniztasuna diogunean, aniztasun mota guztiez ari gara: genero aniztasunaz, hizkuntza eta kultur aniztasunaz, aniztasun funtzionalaz… Ikasle bakoitzaren errealitatea eta beharrak kontuan hartzea eta eskuhartzea egokitzea, benetako berdintasunaren alde lan egiteko modua dela uste dugu. Helburu horrekin urratsak ematen ari gara ikastolan, ikasleen jarraipena indartuz, ikastolako profesionalen arteko koordinazio sarea sendotuz, erabakiak partekatuz.

GENERO BERDINTASUNEAN HEZTEN

Haurrak eta gazteak genero-berdintasunean heztea ezinbestekoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun erreala lortzeko eta hainbat estereotipo desagerrarazteko.

Hezkuntza-maila oinarrizkoenetatik hasita,  ikasgai guztietan transbertsalki eta modu sistematikoan lantzea funtsezkoa delako, ekintza zehatzetatik haratago,  egunez eguneko jardunean  txertatzeko lanetan gabiltza, ikastolako hezkidetzako lan taldearen gidaritzapean.